XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

M. Alustizak bereak eta bi behar Galarza gainditzeko
Bigarren mailako hiru partidu jokatuko dira asteburuon.

Etzi arratsaldeko lau t'erdietan eta Eibarko Astelena pelotalekuan, aurtengo esku bakarkako txapelketaren hirugarren partidua jokatuko da Alustiza eta Galarza IIIren artean.

Estraineko, Errandoneak Arretxe menderatu zuen segurarraren kontra berehala ozta-ozta galtzeko.

Etzikoan, Alustizak nafarraren bide berberan jarrai diezaioke, kontrario handiegia baita Ladis berarentzat, teoriaz bederen.

Dena den, duela bi urte naparrak emandako jipoiaren errepikapena gertatzeko egon badaude hamaika arazo.

Lehenik eta behin, Astelena ez dela Labrit; Iruñeako frontoi zaharkituak, horma bizi eta labainak mantentzen ditu oraindik, pelotak pare bat koadroa aise korrituz horratio.

Astelena, aitzitik, astuna eta gogorra da, frontis lehorra dauka eta pelotek eskas irtetzen dute atzera, aurrelari bati gehiago komeni zaiolarik frontoi moeta hau.

Bestalde, Martin Alustiza ez da jadanik sei tantu baina lortu zituen gaztetxo hura, aski ikasi baitu azken bi denboraldietako iragan luzean.

Pelotari monotonoa da, azpergarria zenbait askorentzat, baino efektiboa; alabaina, ezin diezaie peloteo luzeei eutsi, are gutxiago Galarza IIIaren pegada gogorrei, eta boleaz soilik defendatzeak nahiko arriskutsua dirudi.

Baraibarkoa izugarrizko forma bikaina ari da ezagutzen, gainera.

Betidaniko indarra eta ezker soltura izateaz gain, segurtasun mailan irabazi du, garai bateko adore kaskar hura galduz nolabait.

Adituen ustez, aski izanen du Alustizaren sake bizkorra bueltatzea jipoi berria emateko, eta Astelenako horma motelak ikusirik, Galarzak pasiratxoa eman dezake Eibar aldean.

Pelotak motzak geldituko zaizkio ordea, eta segurarra mareatu egin daiteke kantxa erdian.

Sei tantu baino gehiago egingo dizkio, dudarik gabe.

A. GOSTIN.